Dock Of The Bay Mintegia
“Egiazkoaren narratibak”
2017ko urtarrilak 12
Dock of the Bay jaialdiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailaren, KOLDO MITXELENA Kulturunearen eta Donostia Sustapenaren laguntzarekin, 2017ko edizioan berriz antolatuko du zinema dokumental musikala hainbat alderditatik aztertzeko mintegia, arreta berezia ipiniz zinema dokumental musikalaren narratiban. Mintegiaren gogoetagaia hau izango da: dokumentatzeko, kontatzeko, iritzia emateko eta are programatzeko ekintzek jarrera kritikoa hartzea dakarte, bai zine modalitate horrekiko, bai eta ikusgarritasuna eta balioa hartzen duten narratiba eta lengoaiekiko ere.
Izena emateko mezu bat bidali beharko da info@dockofthebay.es helbidera zergatik parte hartu nahi dugun labur azalduz. Izen-ematea doakoa izango da.
16:30 h.
SERGE GAINSBOURG vs PAUL DELVAUX vs JEAN-CHRISTOPHE AVERTY: MELODY NELSONEN ISTORIOA
Felipe Cabrerizo (Info gehiago)
Serge Gainsbourgek Histoire de Melody Nelson disko kontzeptuala argitaratu zuen 1974an. Lan horrekin chanson delakoaren bilakaeran aurreranzko jauzia eman zuela konturatuta, Gainsbourgek bere obra osoari buruzko film bat egitea erabaki zuen, Paul Delvaux margolariarekin eta Jean-Christophe Averty abangoardiako errealizadorearekin batera. Emaitza poparen historiako ikus-entzunezko pieza bikainenetako bat izan zen, baita musikako lanak bisualki islatzeko bide berri bat ere, inoiz jarraipenik aurkituko ez duena.
17:15 h.
PROGRAMAZIO ZINEMATOGRAFIKOA: DEKALOGO BAT
Alejandro Díaz (Info gehiago)
Funtsezko hamar axiomaren bitartez (digresioekin, oharrekin eta hainbat aholkurekin osatuta), baina, betiere, pontifikatzeko nahirik gabe, hitzaldiak oinarrizko gidaliburu labur bat proposatzen du nazioarteko zinema jaialdietan zinema programazioa praktikatzeko garaian egilearen ustez komenigarriak diren erabilerei eta praktikei buruz.
18:00 h.
TELEBISTA ELIKAGARRIA DA
Kikol Grau (Info gehiago)
Telebistako programak sortzen lan egiten duen jendea besteren erabakien mende dago. Ni birziklaturiko produktua naiz; lehen telebistako programak egitea nuen lanbide, eta orain, telebistako esperimentuak egiten ditut, baina telebistatik kanpo. Telebistan ez naute maite jada, ez didate lanik ematen, ez dut gehiago harentzat lan egingo. Haren funtzionamendua erabat aldatu da, eta ez naute gehiago behar. Urte luzez hamaika gauza egin ahal izan ditut telebistarentzat, eta nire programetatik bizi, guzti-guztiak kulturarekin eta musikarekin loturikoak; eta hori, gaur egun, zoragarria iruditzen zait. Horregatik, nire lana gauza arraro edo bitxi gisa ikusten dut herrialde honetako telebista panoramaren barruan.
18:45 h.
HORRENBESTERAKO AL DA?: PRESTIGIOA EMATEN DUEN ERRETORIKA DOKUMENTAL MUSIKALEAN
Joan Pons (Info gehiago)
Xantaia emozionala, edukien idealizazioa, letra txikiaren mitifikazioa, ahots kritikoen absentzia… Dokumental musikalak hizkuntza narratiboaren tranpak erabiltzen ditu sarri bere protagonistak berez direna baino garrantzitsuagoak direla sinestarazteko. Ikuspegi partziala eta zaleen erretorika zorroztasun historikoaren eta/edo kazetaritzakoaren gainetik.
19:30 h.
BOWIE-IRUDIA (EDO DOKUMENTAL MUSIKALA SIMULAZIO EKINTZA GISA)
Aaron Rodríguez (Info gehiago)
Pop kultura aztertu duten ia pertsona guztiak bat datoz gauza batean: David Bowieren agerpen historikoa finkatzen dute munduari buruz pentsatzeko parametro gisa "benekotasun" kontzeptua ukatzeko puntu giltzarritzat. Aurretiko izarrek zuten konpromiso sozial, ideologiko edo besterik gabe existentzialari aurre eginez, Bowiek bestelako parametro batzuk txertatu zituen eztabaidan, hala nola arinkeria, simulazioa edo fartsa, behin eta berriz aipatutako "postmodernitatea" iragartzen eta ospatzen zuten ikuspegietatik egin ere. Horren ondorioz, Bowiren ibilbidea markatzen duten irudien bilduma —bereziki, hain urrunekoak zaizkigun Pennebacker, Alan Yentob edo Francis Whatelyren pareko izenek sinatutako pieza dokumentalak— autosorkuntzarako mekanismo erraldoi gisa uler liteke, non dokumentalen, zuzeneko emanaldien, bideoklipen edo rol zinematografikoen artean marraztutako lerroek "erreala den horren estatutuei" erasotzen baitiete zuzenean. Hirurogeiko hamarkadako errealismo olatuetatik oinordetzan jasotako musika dokumentalaren erabileren eta ohituren arteko alderaketa proposatuko da (bereziki, Michael Lindsay-Hogg edo Godard sortzaileei esker), ikusteko nola Bowiez gero gainditze prozesu bat gertatzen den, zeinak bideoperformacetik edo instalazio artistikotik hurbilago dauden lengoaia berriak ekarriko dituen.