Donostiako Musika
Dokumentalen
Jaialdia

2019ko urtarrilaren 7tik — 12ra
12. edizioa

Hamaika hilabetez galdetu diogu gure buruari nor garen, zer jaialdi nahi genuen, norantz jo nahi genuen. Hamaika hilabetez jardun dugu behatzen eta aztertzen zine dokumental musikalaren nazioarteko egoera, gero eta proposamen ugariagoak biltzen ari dena, eta askoz ere ausartagoak gainera. Eta baliteke aurtengo hau izatea, 12 urteren ondoren, Dock of the Bay-ren ediziorik hausnartuena, aztertuena eta landuena.

Jaialdi bat den aldetik honaino ekarri gaituen esentziatik ihes egin gabe, edizio hau erronka berezi bat da, baita lehiaketa sailaren apustu bat ere, historiak kontatzeko modu berri horiek txertatzearen alde. Kontakizunak gure barruetan geratzea, kontakizun horiek gu harrituta uztea eta zine dokumental musikalari berari ikuspegi desberdinetatik heltzea, hori da gure asmoa. Horregatik ekarri nahi izan ditugu Dock of the Bay honetara begirada berri horiek, bizitzako historia liluragarriak zeharkatu eta zirrara egiten diguten formatuekin jolas egiten dutenak.

Forma narratibo berrien aldeko apustu horrek berak ere eraman gaitu Dock Live sortzera. Zinea eta zuzeneko musika batzen saiatuko den sail berezi bat, publikoari iheskorra den zerbait, berriz ere inoiz errepikatuko ez den zerbait behatzearen sentsazio hori eragiteko.

Gainera, joan den edizioan hasiera emandako bi sailak mantenduko ditugu: Perfect Day, urteko dokumental nabarmenenak eta sarituenak jasotzen dituena, eta Paint it Black, aurten Fernando Trueba-ren atzerabegirako baten alde apustu egingo duena.

Gazteei zuzendutako publiko berrien sailarekin ere jarraituko dugu, eta musikaren, literaturaren eta irudiaren arteko erlazioan pentsatzen jardungo dugu oraingo honetan ere, ikus-entzunezkoaren inguruko gure mintegian.

Edizio hau laburbildu genezake duela urtebete gure buruari egin genion galderaren erantzunarekin: Nor gara? Izaki bizidun batek bezala funtzionatzen duen jaialdi bat gara, bere bizialdian aldatzen doana, eta aurkitzen dituen historien hautaketarik onena zuei eskaintzea, beste asmorik ez duena, zuek zinean hunkiaraztea. Zerbait argi badugu, hau baita: hemen gaude apropos nahi dugulako egon eta zuek zaudetelako. Eta, batez ere, musikak eta zineak oso zoriontsu egiten gaituztelako.

Ongietorri, aurten ere, Dock of the Bay-ra.