Erakusketa

"Narratiba zatikatuak, memoria birtualak"

2018ko urtarrilaren 8tik otsailaren 25era / Kutxa Kultur Plaza

Instagramen egunero nabigatzen dugu. Hatz bakar batekin, argazkiak mugitzen ditugu, bata bestearen atzetik. Bi hatzekin, handiagotu egiten ditugu. 60 segundo baino gehiago ez dituzten bideoetan ere geratzen gara. Beste batzuek beren bizitzetatik abiatuta sortu dituzten unibertsoetan murgiltzen gara. Unibertso narratibo berriak dira, birsortzeko istorio berriak, istorio berri oso laburrak, zatikatuak. Errealitate horren pean, istorio horiek guztiak mundura jaulkitzen dira manipulatu ondoren: irudikatutako agertokiak, argia, iragazkiak edo aplikatutako aureola lausotuak.

Hona hemen, gogoeta bikoitz bat:

Lehenengo gogoeta, gure bizitzetatik desberdinak diren beste bizitza batzuen etengabeko sortzaile gisa. Gure irudiek jasotzen dutena al gara? Hortaz, bizitza paralelo berri bat sortzen al dugu? Bi bizitzetako zein da errealagoa? Zein geratuko da gure memorian?

Bigarren gogoeta, irudi horien ikusle gisa. Genero narratibo berri baten aurrean al gaude? Zer gertatzen da eduki horrekin batera musika agertzen denean? Edo, musika hori guk geuk sortzen dugunean, nahiz eta gure buruetan ahapeka kantatutako kanta bat izan? Egunero gure istorio musikala sortzen ari al gara besteen bizitzen irudikapenetatik abiatuta?

Narratiba zatikatuak, memoria birtualak erakusketa kolektibo bat da. Emakume sortzaileen lana jasotzen du, hain zuzen ere, plataforma digitaletan agertzeko beren bizipenen argazkiak egiten dituztenena.

Erakusketaren helburua da, zehazki, irekitzen ari den agertoki berri horren berri ematea, bereziki agertoki hori sortzen duen emakumea ardatz hartuta, bai eta emakumeen gorputza ere, espazio desberdinen okupatzaile gisa.

Narratiba zatikatuak, memoria birtualak erakusketak irudi propioak eta besteenak jasotzen ditu, hainbat mundu gogora ekartzen dituztenak. Mundu horietan, protagonistek bere nortasuna birsortu nahi dute eta, aldi berean, errealitatea eraldatu eta beste emakume batzuk izan. Laburbilduz, beste bizitza batzuk sortzea, eta, zergatik ez, ia inkontzienteki narrazio bat sortzea eta musika dokumental faltsu bat sortzea, edo ez: nor da neska hori? izango da ala ez da izango?